David Garcia durangarrak eta Nerea Amilibia donostiarrak irabazi zuten Karraderan mendi lasterketaren II. edizioa. Lasterketa martxoaren 14an egin zen Larrabetzun. Eguraldi oso kaskarra izan arren, aurten 340 korrikalarik hartu dute parte, iaz baino 50 gehiago. Lasterketaren ibilbidea aurreko ediziokoa baino gogorragoa izan da aurten. Parte-hartzaileak Larrabetzu inguratzen duten mendietatik igaro ziren: Gaztelumendi, Arrizurigane, Sanmartingane eta Bizkargi. Lasterketak 32 kilometroko luzera eta 1.630 metroko desnibel positiboa izan ditu.
“Guztiok ibili gara oso pozik: antolatzaileok, korrikalariak, babesleak, boluntarioak, herrikoak... Ibilbidearen zenbait lekutan gudari mozorrotutako lagunak ibili ziren eta, esate baterako, Gaztelumendin edo Bolunburun tiroka ibili ziren jaurtigairik gabeko munizioa erabilita. Gure ustez, oso lasterketa polita da eta parte-hartzaileek, batez ere kanpokoek, iritzi bera adierazi digute”, esan dute antolatzaileek. “Benetako gudariak korrikalariak izan dira, baita Larrabetzuko lagunak ere, betiko moduan izugarrizko laguntza eman digutelako”.
Burdinazko Harresian Karraderan mendi lasterketa ez da kirol proba hutsa. Izan ere, lehiaketak memoria historikoa lantzea du helburu, eta Euskal Herriaren historia ulertzeko ezinbestekoak diren gertakariak ekartzen ditu gogora. Horren haritik, ibilbidea Gerra Zibilean Bilbo babesteko eraiki zen Burdinazko Harresitik igarotzen da.
Sailkapenak:
www.sailkapenak.org