Larrabetzuko frontoiaren 30. urteurrena

Aikor aldizkaria 2015ko api. 29a, 11:37

Hogeita hamar urte bete dira Larrabetzuko frontoia egin zela, eta maiatzean urteurrena ospatuko dute Olarreta pilota elkarteak, Xaker elkarteak eta Udalak. Horretarako, hiru jaialdi antolatu dituzte. Lehenengoa maiatzaren 15ean egingo da, 19:00etatik aurrera. Pilotalekuan batzen direnek frontoiari buruzko 15 minutuko bideoa ikusi ahal izango dute, eta ondoren, Gaztelumendi abesbatzak saio bat eskainiko du. Geroago, herriko pilotari batzuek partida berezi bat jokatuko dute. Izan ere, Itallen bertso eskolako ikasleek bertsoak tartekatuko dituzte partidan zehar. Eguna borobiltzeko, 20:30ean, pala partida laburrak jokatuko dira eta, formatu amerikarrari jarraituz, ikusleek apustuak egiteko aukera izango dute. Bigarren jaialdia maiatzaren 23an egingo da. Goizean, 11:00etan, oroimenezko ekitaldi batek hasiera emango dio jaiari, eta ondoren, Bizkargi dantza taldeak emanaldi txiki bat eskainiko du. Bestalde, 11:30ean pilota partidak jokatuko dira, Larrabetzu eta Zornotzako pilotarien artean. Indarrak berreskuratzeko, herri bazkaria egingo da 15:00etan, eta arrastian, pala partidak jokatuko dira. Azkenik, abuztuan, Andra Mari jaietan, hirugarren jaialdia egingo da herriko frontoiari omenaldia eskaintzeko. Jaialdi horretan, pilotari profesionalak arituko dira.