Txapelketa Algortan jokatu zen urriaren 4an, bikoteka. Bertan zazpi bikotek hartu zuten parte eta haien artean Larrabetzuko Aritz Oregi eta Beñat Lekue izan ziren. Larrabetzuarrek 19 minutu eta 31 segundoko marka egin eta bigarren postua eskuratu zuten. Lekuek esan digun moduan, oso pozik daude plazan egindako lanarekin. “Izan ere, ez genuen espero hain emaitza ona lortzea; laugarrenak edo bosgarrenak lotuko ginela uste genuen. Baina, azkenean, oso ondo ibili ginen”. Txapelketa Aitzol Atutxak eta Julen Larreak osatutako bikoteak irabazi zuen (14:58); hirugarren postuan Ernesto Ezpeleta “Bihurri I” eta bere semea Hodei “Bihurri II” sailkatu ziren (20:04).