Transhumantzia ekarri dute gogora Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 13a, 13:22

Argazkiak: Idoia Andrés

Mikel Etxezarreta artzainak gidatutako 250 buruko artaldea Larrabetzura ailegatu zen zapatuan. Artaldea egun bi lehenago, urriaren 8an, atera zen Zegamatik, Gipuzkoako Goierri eta Getxoren arteko ibilbidea egiteko asmoz. Izan ere, hango artzainak, belaunaldietan eta 80. hamarkadara arte, Uribe Kostaraino hurbiltzen ziren neguan, mendialdeetako elurtzetik ihesi eta artaldeentzako larre bila, eta ekintzak ohitura hori, transhumantzia, gogora ekartzea eduki du helburu. Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxotarrek Etxezarreta eta bere artaldearekin batera egin dute ibilbidea, eta hori Akabuko martxe dokumentalean jasoko dute. Ibilbidea lau etapatan egin dute eta hirugarren egunean, zapatu arratsaldean, Larrabetzura ailegatu ziren. Herritar talde bat bidera irten zitzaien eta Marabi Zornotzako auzoan elkartu ziren, Larrabetzurako bidea handik elkarrekin egiteko. Atsedena hartu eta artzaina eta artaldea Barrikara abiatu ziren hurrengo egunean. Getxora astelehenean heldu ziren. Ekintza hainbat erakundek sustatu dute, hala nola Getxo, Zegama eta Idiazabalgo Udalek, Uribe Kostako Mankomunitateak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.