Julen Larruzea duatloilaria, Espainiako txapelduna eta Europako txapeldunordea

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 28a, 10:55

Urriaren 10ean Europako eta Espainiako Mendi Duatloi txapelketa jokatu ziren Castron, Kantabrian, eta lasterketa horretan Julen Larruzeak bigarren postua lortu zuen. Beraz, Europako txapeldunordea eta Estatuko txapelduna dugu larrabetzuarra. Julenek 6 kilometro egin zituen korrika; 20, bizikletaz; eta beste 3, korrika berriro. “Lasterketa espero baino hobeto atera zen eta oso pozik nago”. Julenek ez du areriorik Euskal Herri mailan. Izan ere, urriaren 17an Euskal Herriko mendi duatloi txapelketa irabazi zuen, eta euskal zirkuituaren lasterketa guztiak ere irabazi ditu aurten. Beraz, datorren urtean erronka berriei egingo die aurre. “Ziurrenik duatloia utzi eta triatloia hasiko naiz egiten, hau da, korrika, bizikleta eta igeri egin. Uste dut maila nahikorik dudala, Estatu edo Europa mailan lehian sartzeko, baina baliabide ekonomikoak behar ditut eta ez dakit lortzeko gauza izango naizen. Ea hemengo enpresak eta erakunde publikoak animatzen diren eta babesten nauten”.