Almeriako kartzelara martxa

Aikor aldizkaria 2016ko ots. 24a, 13:55

Ezker abertzaleak euskal presoak dauden Espainiako eta Portugaleko kartzeletara martxak antolatu zituen otsailaren 20an. Ekintza Abian prozesuaren haritik egin zen, eta helburua presoek ere prozesu horretan parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatzea izan zen. Era berean, sakabanaketa eta hark dakartzan ondorioak salatu zituzten. Martxak 40 kartzelatara egin ziren. Txorierritik eta Mungiatik autobus bat abiatu zen Almeriako kartzelara. Bertan Josu Guinea larrabetzuarra dago. Joan-etorrian, 27 ordu eman zituzten autobusean eta 2.000 kilometro egin zituzten; Almerian ordu bi eman zituzten. Kartzelako parkingean Guinearen senideekin elkartu eta ekitaldian 70 pertsona inguruk hartu zuten parte. Bolanderak bota ziren eta, gainontzeko kartzeletan bezala, adierazpen komun bat irakurri zen. Bertsolariak, trikitilariak eta txistulariak ere aritu ziren ekitaldian. Era berean, manifestazio txiki bat egin zen kartzelako ateraino, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak lagunduta, eta kartzelaren zuzendariari Abian prozesuaren liburuxkak eman zizkioten, hango euskal presoen artean banatu zitzan.