Burdinazko Harresian Karraderan lasterketa hirugarren aldiz egingo da martxoaren 12an, Larrabetzun. Korrikalariak 9:30etan aterako dira herriko plazatik eta bukatu ere bertan bukatuko dute lasterketa.
Antolatzaileek azaldu diguten moduan, basolanen ondorioz egindako aldaketa txiki batzuk salbu, ibilbidea iazko berbera izango da. Korrikalariek 32 kilometro egingo dituzte eta, besteak beste, Gaztelumendi (323 m), Arrizurigane (326 m), San Martingane (565 m) eta Bizkargi (565 m) mendiei egin behar diete aurre, “beste tranpa batzuk tarteko. Gerra Zibileko hainbat lubaki eta bunker ikusteko aukera ere izango dute, baita horietako baten barrutik pasatzeko aukera ere”. Era berean, sei anoa-postu ipiniko dira ibilbidearen zehar.
Gehienez jota 350 kirolarik har dezakete parte lasterketan, eta ale hau itxi denerako 200dik gora lagunek emanda dute izena. Izena ematea apukosport.com webgunearen bidez egin daiteke martxoaren 6ra arte. Lasterketaren egunean bertan ez da izena emateko aukerarik egongo. “Aurtengo berezitasun nagusia da lasterketa bukatzeko denbora-muga ipini dugula. Gehienez sei ordu emango dira 32 kilometroak egiteko, eta 12. eta 20. kilometroetan kontrolguneak ipiniko dira, egin egiten dela ziurtatzeko. Hamabigarren kilometrotik pasatzeko, ordu bi eta 10 minutu utziko ditugu; eta 20. kilometrotik pasatzeko, hiru ordu eta 45 minutu”.
Lasterketaren ondoren, kontzertua egongo da, Hori Bai gaztetxeak antolatua. “Karraderan elkartetik lasterketa ikustera etortzeko gonbidapena egin nahi diegu irakurle guztiei, eta beren burua sasoian ikusiz gero, bertan parte hartzea ere. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiegu bai babesle, bai laguntzaile guztiei, baina bereziki gu laguntzera hurbildu diren larrabetzuar guztiei”.
Fitxa teknikoa
Data: 2016ko martxoaren 12an
Tokia: Larrabetzu
Ordua: Goizeko 09:30etan
Zer?: Mendi lasterketa
Distantzia: 32 kilometro.
Goranzko desnibela: +1600
Informazio gehiagorako: www.karraderan.org
Kontaktua: karraderan.bhk@gmail.com