XV. Txakolin Eguna, Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 21a, 12:56

a: Idoia Andrés

Txakolin Egunaren 15. edizioa ospatu zuten larrabetzuarrek atzo, martxoaren 20an. Zorionez, eguraldi ona egin zuen eta horri esker jende pilo bat hurbildu zen Larrabetzura eta oso giro polita egon zen herrian egun osoan zehar. Goizez, Txorierriko ekoizleek txakolina eskaini zuten zortzi postutan. Gainera, beste postu batzuetan hainbat produktu jarri ziren salgai: artisautza, taloak, eztia, baserriko produktuak... Aurten txakolina ekoizten duten lagunak poz-pozik agertu dira uztarekin, azokan ikusi zen moduan, kalitate handiko txakolina ekarri duelako. Goizeko 12:30ean brindisa egin zen eta aurten Iñaki Suarez larrabetzuko lagunak eta Euskadiko Sumillerren Elkartearen presidenteak egin du. Iñakik txakolinari buruzko aurkezpen txiki bat egin zuen, baita kortxoa ateratze tekniko bat ere. Ostean, “Txakolin, txakolin, Txorierriko txakolin, on egin!” brindisa bota zuen eta txakolina eskaini zien Iñigo Gastelu Larrabetzuko alkateari eta ekoizleei. Azoka eguerdi aldera bukatu zen, baina Hori Bai Gaztetxeko kideek ekintza batzuk antolatu zituzten eta giroa arratsaldera arte luzatu zen herrian.