Zutunik talde feministak Larrabetzu indarkeria matxistarik gabeko herria izendatzeko mozioa aurkeztu du eta hori aho batez onartu du herriko Udalbatzak, uztaileko ohiko Udal Bilkuran.
Abuztuaren 15etik irailaren 1era arte, Andramariak, San Bartolome eta Emeteriak ospatuko dira Larrabetzun. “Jaiak herritar gehienontzat gertaera garrantzitsuak dira, ondo pasatzeko tartea, gure egunerokotasunetik atera eta inguruarekin sozializatzeko eta harremanak lantzeko aukera paregabea. Badirudi jaietan gertatzen denak ez diola eguneroko bizimoduari eragiten, baina ez daude eguneroko errutinatik eta arauetatik kanpo. Bizi dugun errealitatearen ispilua izaten dira. Ezin dugu ahaztu gure gizartearen egunerokoan indarkeria matxista oso hedatua dagoen errealitatea dela”, jaso dute mozioan. “Jaiak bizitzaren erdigunean kokatzen dira, haren isla dira eta herriaren nortasuna, jendarte egitura eta bertan ematen diren zapalkuntza eta diskriminazioak adierazten dituzte. Jaietan, eguneroko gizartearen ordena erreproduzitzen da, egungo hierarkiak, botere harremanak, diskriminazioak, rol banaketa eta emakume eta gizonen irudi idealizatuekin batera. Egoera horri aurre egingo dion jai eredua aldarrikatzen dugu”.
Hala, herriko Udalbatzari eskatu diote Larrabetzu indarkeria matxistarik gabeko herria izendatzeko, “herritar guztiok beldurrik gabe, libre eta jaiak seguru gozatzeko eskubidea dugulako”. Era berean, “Larrabetzu eraso sexistarik gabeko jaien alde” leloa duen pankarta udaletxeko balkoian jartzeko eskatu diote, eta herritarrei hartutako erabakia jakinaraztea, ohiko bideak erabiliz, hala nola udal webgunea, aldizkaria eta bandoa.