1988an, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozioa onartu zuten, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Helburu hau erdiesteko arazoak zeudela ikusita, udal horietako batzuk biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Mankomunitate izaerarekin UEMA sortu zen. Lehen batzarrean 17 udal bazeuden ere, 25. urteurrenaren agintaldi honen hasieran 72 izatera igaro zen.
Larrabetzuko alkatea den Iñigo Gazteluk, UEMAra sartzea “ohorea eta beharra” dela adierazi du. “UEMAko kide izanda inoiz baino euskararen herritarrago” direlako larrabetzuarrak, eta honela jarraitu du: “Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea da gure helburua. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen duen helburua; helburu zirraragarria; denoi dei egiten digun helburua: norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei, eta abarri. Gustuko dugun helburua da, gustura hartzen dugun konpromisoa”.
Bihar, urtatrrilak 14, UEMAko batzar nagusia egingo da Larrabetzuko kultur etxean, 10:00etatik aurrera. Bertan 77 herrietako ordezkariak izango dira. 12:30etatik aurrera Larrabetzu UEMAn sartu izana ospatzeko ekitaldi laburra antolatu dute, herriko plazan.