Derion eta Lezaman, esate baterako, aspaldian antzeko aplikazio bat jarri zuten martxan, Udala Zabaltzen. Hori Bizkaiko Foru Aldundiko BiscayTIK Fundazioak eskaintzen die doan Udalei. Hala ere, Larrabetzuko Udalak 52,90 euroko inbertsioa egin nahi izan du, Hirix aplikazioak “zerbitzu gehiago eskaintzen dituelako”. Hau da, Udaleko webgunea irakurtzeko eta Udalari gertakarien berri emateaz gainera, Hirix aplikazioak besteak beste aholkuak, inkestak eta kontsultak egiteko aukera eskaintzen du. Era berean, erabiltzaileak Udalarekin ez ezik, herriko beste eragileekin (elkarteak, dendak, Mankomunitatea...) ere jarri ahal dira harremanetan.
Alkateak esan duenaren arabera, erraza da aplikazioa erabiltzea. “Lea-Artibaiko Udal batzuek erabiltzen dute Hirix aplikazioa, baita Etxebarriko Udalak ere. Erabiltzaileen artean sarea osatzen da, informazioa elkartrukatzeko”. Larrabetzuko Udala duela aste batzuk hasi zen Hirix eskaintzen eta orain arte 100 larrabetzuarrek erabiltzen dute aplikazioa.