Talde hori costuming klub bat da eta hiru oinarri ditu: Star wars sagarako zaletasuna bultzatzea, sagaren jantziak ikusgai ipintzea, eta egitasmo solidarioetan parte hartzea. Haiei buruz “gauza onak egiten diren neska-mutil gaiztoak” direla esaten da. Beraz, Garmitxaren ekitaldira joan zirenek argazkiak egin ahal izan zituzten Star wars pelikulen pertsonaia batzuekin.
“Oso pozik gaude, jendeak erantzun ona eman zuelako. Beste ekintza batzuk egun berean egon arren, jende pilo bat, 200 lagun baino gehiago, etorri zen gurera. Star wars sagaren lagunak ere hurbildu ziren eta guztiok ibili ginen oso gustura. Etorkizunari begira, jarraituko dugu harremanetan”, adierazi dute antolatzaileek. Eguraldia ere zoragarria izan zen eta horri esker, Garmitxakoen esanetan, martxa bera eta gainontzeko ekintzak arrakastatsuak izan ziren. “Bereziki Larrabetzuko herriari eman nahi dizkiogu eskerrak, betiko moduan izugarrizko laguntza eman digulako eta elkartasun handia adierazi digulako”.
“Aurten Burgoseko kide berri bat dugu eta martxan bere familia ezagutzeko aukera izan genuen. Oso pozgarria izan zen, senideei babesa eskaini genielako. Garmitxa elkartea horretarako, hain zuzen ere, sortu genuen, gaixoak eta familiakoak laguntzeko eta inor bakarrik ez sentitzeko. Ikuspuntu horretatik ere oso pozik gaude”. Martxa amaitu zenean, pintxo goxo bana eman zieten parte-hartzaileei, indarrak berritzeko. Era berean, puzgarriak egon ziren umeentzat. Egun bi lehenago, maiatzaren 12an, Barakaldoko Aitzolek ere bere ekarpena egin zion Garmitxaren aldeko martxari. Izan ere, Askatu barrukoa txotxongilo saioa eskaini zuen Anguleri kultur etxean.
Martxan izena ematearen bidez lortutako dirua Garmitxa elkarteko umeek jasaten duten gaixotasuna ikertzera zuzenduko da. Ume horiek gaixotasun arraro bat dute eta ezin dute ohiko elikagairik hartu, euren organismoan eragin suntsitzaileak dituztelako.