Zorionak Uritarrari!

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 29a, 14:43

a: Idoia Andres

Uritarra Larrabetzuko futbol taldeak 70. urteurrena ospatu zuen herrian asteburu honetan, maiatzaren 27an. Goizean hiruko torneoa jokatu zen Eibar, Bizkaiko selekzioa eta Kantabria taldeen artean. Eguerdian, taldekoek omenaldia eskaini zieten lau jokalari ohiri eta bost laguntzaileri. 

Ostean herri bazkaria egin zen eta geroago, Dj Xaiborrek girotu zuen arratsaldea. 19:00etan kadete mailako Uritarra taldeak 4-1 irabazi zion Berango taldeari eta ondorioz, nahiko ondo bideratu du igoera-fasea. Jaia borobiltzeko, Akabu taldeak kontzertua eman zuen gauean, Hori Bai gaztetxean.

“Ez genuen izugarrizko ospakizuna egin, baina pozik gaude. Giroa egon zen herrian egun osoan zehar”, esan digu Iñigo Martínez de Alegria Uritarra taldeko presidenteak. “Batez ere hunkigarria izan zen omenaldien momentua. Batetik, 80 urte baino gehiagoko jokalari ohi batzuei eskaini genien omenaldia, baita klubari laguntza eman zioten lagun batzuei ere. Haien artean, José María Burgosen semea, Txema, bere aitak 1980.eko hamarkadan taldea berpiztu zuelako”.