Larrabetzuk adierazpen instituzionala egingo du, frankismoa salatzeko

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 8a, 11:48

Laurogei urte bete dira faxistek Burdin Hesia apurtu eta Larrabetzura sartu zirela. Hango Udalak eta memoria historikoa lantzen dabiltzan herritarrek eta elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtean zehar, urteurrena gogoratu, memoria historikoa berreskuratu eta frankismoa salatzeko. 

Ekitaldi horien artean, bereziki domekan, ekainaren 11n, egingo direnak azpimarratu dituzte. Goizeko 11:45ean kalejiran aterako dira txistulariekin eta 12:00etan osoko bilkura egingo da. Bertan adierazpena irakurri eta onartuko dute, eta ostean, argazkia ipiniko dute horman. Ikurrina daramatela, 12:15ean Angulerira abiatuko dira eta 12:30ean ikurrina jasoko dute. Gaztelumendi abesbatzak Gernikako Arbola abestuko du. Adierazpena 12:35ean irakurriko dute eta Bizkargi dantza taldeak dantzen agerraldia eskainiko du 12:40ean. Gaztelumendi abesbatzak saioa eskainiko du berriro 12:50ean. Taberna Ibiltariak lekukoa hartuko die.