“Hau gustura egoteko moduko lekua da, giro atsegina, hurbila eta informala duena”, esan zuen Atxak. “Eneko jatetxe berri hau semea bezalakoa da, eta hemen sustraietara itzuli nahiko genuke, hau da, hasiera batean adierazten genuen maitasuna berreskuratu. Edozeini dago zuzenduta: bikote gazteei, enpresei... Bezeroengandik gertu egon nahi dugu, gurera etortzen garenak etxean egongo balira moduan sentitzea nahi dugulako”.
Eneko jatetxea Azurmendi eta Gorka Izagirre upeltegiaren goiko aldean dago, Larrabetzuko Legina auzoan. Atxak betiko kalitatea eskaintzen jarraituko du bertan, baina Eneko, Azurmendi baino xumeagoa eta merkeagoa da. Esate baterako, menuak 55 euro balio du (BEZarik gabe). Horren truke Atxak sortutako Sutan menua jateko aukera dago. Guztira, bederatzi plater eskaintzen dira menu horretan, besteak beste, olibak eta Zerratiako bermuta, Bieira eta ahuakatea, eta legatza ximendutan errea eta perretxikoak.
Jatetxea atsegina da, baita gardena, argitsua eta lasaia ere. Dekorazioan, egurra, harria eta baserri-giroa nagusitzen dira. Janariari dagokionez, minimalista eta goi-mailakoa da, baina beste ezaugarri bat bada aipatzekoa: sukaldariak begibistan daude eta bezeroen aurrean prestatzen dituzte platerak. Guztira, 65 jankiderentzako lekua dago jatetxean, eta gainera 35 lagunentzako jantoki pribatua ere badago.
Eneko Atxa zornotzarrak 2005ean ireki zuen Azurmendi jatetxea, Larrabetzun. Gaur egun hiru Mitxelin izar ditu eta bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu. Larrabetzun dagoen Eneko jatetxea ez da bakarra munduan. Izan ere, iaz Londreseko One Aldwych hotelean zabaldu zuten beste bat, eta irailean, gauza bera egingo dute Tokion, Japonian.