Piknikak egiteko gunea atondu da Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2017ko ira. 13a, 12:07

Larrabetzuarrek ez dute jadanik herritik atera behar, landa batean eta manta batean gainean otorduak egiteko, hau da, piknik egiteko. Izan ere, joan den abuztuan piknik-gune bat atondu zen BBkren bulegoaren aurrean dauden lorategietan. 

Ekimenak 15 eta 95 urte arteko herritarrei lagunekin edo familiarekin jan, jolastu edo ondo pasatzeko berdegune bat eskaintzea du helburu. Gym berdeak, lorezaintza aktibitate nagusitzat duen kanpoko gimnasioak, gune berria prestatu eta kudeatuko du.

 “Gune pilotua da. Oporretatik bueltan larrabetzuar askok esan ziguten horrelako landa bat botatzen zutela faltan eta horregatik eraman dugu aurrera proiektua. Guk zainduko dugu berdegunea eta belarra moztuko dugu, erosoa eta garbia izateko. Beraz, piknik frantzesa proposatzen diogu jendeari, hau da, bakoitzak manta bat eta janaria saski batean eraman ditzala”, esan du Keko Alonso Gym berdearen promotoreak. 

Adituen arabera, piknik egitea oso onuragarria da, familian lurrarekin kontaktu zuzenean egotean, endorfinak (plazerraren hormona) askatzen direlako, familiartekoen harremanak hobetzen direlako, eta bai bakarkako, bai proiektu eta amets kolektiboak sortzea sustatzen direlako. Eta horrek guztiak norberaren osasunean eta komunitateko bizitzan dauka eragin zuzena. Larrabetzuar guztiei egin diete herrian bertan piknik egiteko gonbitea. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).