Larrabetzukoa LED argiak edukiko dituzten lehenengo futbol-zelaietariko bat izango da

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 17a, 12:15

Udaletik jakinarazi duten moduan, futbol-zelaiko fokuak kenduko dira azaroan eta haien ordez LED argiak ipiniko dira. Argiak aldatzeak kontsumo elektrikoaren % 70 aurreztea ekarriko du. 

Gainera, lanpara horiek gaur egungoek baino bizitza erabilgarri luzeagoa dute, eta argi-sistema berriak posizio bi edukiko ditu: bata, entrenamenduetarako; eta bestea, partida ofizialetarako. “Horri guztiari esker, udal instalazioak eraginkorragoak izango dira, iraunkorragoak eta energia gutxiago kontsumituko dute”, esan du Iñigo Gaztelu alkateak.

Proiektua 2017-2019rako Inbertsio-plan Estrategikoaren barruan dauden egitasmoetariko bat da, eta 60.340 euroko kostua edukiko du. Bizkaiko Foru Aldundiak kostuaren % 60 ordainduko du, energia-eraginkortasuna hobetzeko diru-laguntzen haritik. Instalazioa martxan ipintzen denean, Larrabetzukoa teknologia berri hau, energia aurrezten duena eta askoz merkeagoa dena, daukaten lehenengo futbol-zelaietariko bat izango da.