Larrabetzuko azoka, inoiz baino oparoagoa

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 23a, 13:11

Argazkiak: Idoia Andrés

Atzo, urriaren 22an, Gurpide eta Txinpasmendi guraso elkarteek bertoko produktuen azoka antolatu zuten Larrabetzun, 19. aldiz. 

Horrek, betiko moduan, kalitatezko produktu naturalak bultzatzea, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko zuzeneko harremana berreskuratzea eta baserri ingurua sustatzea ditu helburu. Eguraldi onik egin ez bazuen ere, larrabetzuarrek bat egin zuten herriko azokarekin. Besteak beste, marmelada, zenbait fruta eta egoskari, ogia, arrautzak eta barazkiak jarri ziren salgai bertan. Taloak ere prestatu ziren. Azokarekin batera, Gym berdeak pista jolasa egin zuen umeei zuzenduta, herrian zehar.

Egun handia domekan izan arren, antolatzaileek egitarau oparoa ere prestatu dute horren inguruan. Urriaren 19an, egunean, “Eskolako jantokiaren egoera” izenburupeko mahai-ingurua egin zen eskolako jantokian. Era berean, eguazten honetan, urriaren 26an, Jakoba Errekondok eta Lurzaindia Ingurugiroa babesteko Iparraldeko elkarteak “Nekazaritza lurrak babesteko ekimena” hitzaldia eskainiko dute. Azkenik, domekan, urriaren 29an, baserritarrak ikusteko bisita egingo da goizean. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).