Lekue bigarren itzuliaren lehen saioan arituko da domekan, azaroaren 19an, Amurrioko Bañueta kiroldegian. Saioa arratsaldeko 17:00etan izango da, eta larrabetzuarrarekin batera hauek hartuko dute parte bertan: Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.
Aipatutakoez gainera, bigarren itzulira pasatu diren gainontzeko bertsolariak hauek dira: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Igor Elortza, Agin Laburu, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Jone Uria, Julio Soto, Unai Agirre, Alaia Martin eta Iñaki Apalategi.
Bigarren itzuliaren bigarren kanporaketa azaroaren 26an egingo da Donibane Loizunen eta han hauek arituko dira bat batean: Laburu, Elortza, Apalategi, Uria, Soto eta Lujanbio. Hirugarren saioa Iruñean izango da abenduaren 2an eta bertsolari hauek hartuko dute parte: Mendiluze, Sarriegi, Martin, Amuriza, Iguaran eta Agirre. Finalaurreko saioak zuzenean jarraitu daitezke www.bertsoa.eus atarian zein ETB4 katean. Finala abenduaren 17an, 11:00etatik aurrera, izango da Barakaldeko BECen.