Eneko Atxak laugarren Michelin izarra lortu du

Aikor aldizkaria 2017ko aza. 23a, 12:25

Azken izarra Larrabetzun duen Eneko jatetxeari, hain zuzen ere, eman diote. Hori jatetxeak lortu duen lehenengo izarra izan da, eta sukaldariak eskuratu duen laugarrena. Izan ere, Larrabetzun ere duen Azurmendi jatetxeak hiru Michelin izar ditu.

Eneko jatetxeak aurten zabaldu ditu ateak eta bere bitartez sustraietara itzuli nahi du sukaldariak. “Hau gustura egoteko moduko lekua da, giro atsegina, hurbila eta informala duena. Eneko jatetxe berri hau semea bezalakoa da, eta hemen sustraietara itzuli nahiko genuke, hau da, hasiera batean adierazten genuen maitasuna berreskuratu” esan zuen kazetari eta blogarien aurrean egin zuen aurkezpenean.

Eneko jatetxea Azurmendi eta Gorka Izagirre upeltegiaren goiko aldean dago, Larrabetzuko Legina auzoan. Atxak betiko kalitatea eskaintzen jarraituko du bertan, baina Eneko, Azurmendi baino xumeagoa eta merkeagoa da. Jatetxe atsegina da, baita gardena, argitsua eta lasaia ere. Dekorazioan, egurra, harria eta baserri-giroa nagusitzen dira. Janariari dagokionez, minimalista eta goi-mailakoa da, baina beste ezaugarri bat bada aipatzekoa: sukaldariak begibistan daude eta bezeroen aurrean prestatzen dituzte platerak. Guztira, 65 jankiderentzako lekua dago jatetxean, eta gainera 35 lagunentzako jantoki pribatua ere badago.