2018rako aurrekontuak onartu dituzte Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 2a, 14:09

Aurrekontuak 2,6 milioi eurokoak dira eta %10eko igoera eduki dute aurreko ekitaldikoen aurrean. EH Bilduk aldeko botoa eman zuen, eta EAJ-PNVk, kontrako botoa. 

Ohar baten bidez adierazi duten moduan, Larrabetzuko EAJ-PNVk ez ditu aurrekontuak onetsi “udalerria udal kudeaketa eredua aldatu beharrean dagoelako, eta zerbitzuen gero eta premia eta behar handiagoaren aurrean, etorkizuna bermatu eta hartutako konpromisoak bete ditzan Udala behar duelako”.

Memoria-txostenean jaso den moduan, herritarren parte-hartzea sustatu da aurrekontuak zehazteko orduan eta, gastu gehienak egiturazkoak eta finkoak direla kontuan hartuta, lehen aldiz galdetu zaie larrabetzuarrei non gastatu 50.000 euroko partida. Ekarpenak baliagarriak izan dira 2018rako lehentasunak zehazteko.

Gizarte eta ekonomiaren garapenari dagokionez, aurretik ontzat emandako inbertsio-planekin datozen urteotan ere aurrera jarraitzeko asmoa dute, eta horretarako aurten partida handiagoa eskainiko diete inbertsioei, ia 360.000 euro. Herriko azpiegiturak hobetzeaz gainera,besteak beste, 2.000 euro zuzenduko dute tokiko merkataritza sustatzera, eta 25.000 euro, memoria historikoa berreskuratzera. Era berean, 10.000 euro bideratuko dute Larrabetzuko lehenengo sektorearen beharrizanak aztertzera, eta 2.000 euro, nekazariei zuzendutako ikastaroak antolatzera.  

Bestetik, 7.000 euroko partida zabaldu dute, datozen zazpi urteetarako plan estrategiko bat egiteko, eta 40.000 euro zuzenduko dute birziklatzea areagotzera. Tokiko azpiegiturei dagokienez, 40.000 euroko partida onartu dute landa-bideak hobetzeko, 7.000 euro, auzoetako seinaleak hobetzeko, 40.000 euro, igerilekuetako instalazioak hobetzeko, eta 15.000 euro, txokoaren teilatuan hobekuntzak egiteko. Era berean, iaz baino 2.500 euro gehiago zuzenduko dute herriko kultura eta kirol taldeei diruz laguntzera. Premia ekonomikoak dituzten familiei zuzendutako diru-laguntzak ere handitu dira, % 37 hain zuzen ere (5.500 euro), eta 2.000 euro gehiago ipiniko dira aisialdiko jardueretan.

Langileen gastuei dagokienez, 498.500 euro zuzenduko dira horiek betetzera, iaz baino % 8 gehiago, eta, azkenik, hurrengo inbertsioak aurreikusi dira: autokarabanen aparkalekua, 180.000 euro; plazako aterpea, 110.000 euro; eskolako aterpea, 200.000 euro, ibilgailuetarako aparkalekua pilotalekuaren atzean eta mugikortasun plana, 100.000 euro; frontoian LED argiak ipintzea, 25.000 euro; eta igerilekuetako aldagelak hobetzea, 40.000 euro.