Larrabetzu 2025 proiektua aurkeztuko dute eguenean

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 8a, 10:14

Proiektuak hurrengo urteotan udal politika gidatu behar dituen irizpideak herritarrekin batera landu eta ezartzea du helburu, eta eguenean, urtarrilaren 11n eta 19.30ean, aurkeztuko da Anguleri kultur etxean. 

Joan den urteko otsailean egindako herri batzarrean adierazi zuten moduan, badago Larrabetzuko gaur egungo egoera aztertzeko beharra, eta horretarako, hamar atal landuko dituzte, teknikari batek lagunduta: kulturgintza, euskara, ingurumena, ekonomia, hondakinak, gazteak, kirola, memoria historikoa, etxebizitza eta eskola. Gai horien inguruan lanean dabiltzan herriko eragileei deialdia luzatu, eta lan-talde bat osatu da dagoeneko. Adostutako gidoi bat oinarritzat hartuta, egoeraren azterketa ere egin da.

Urtarriletik ekainera bitartean sei gai landuko dituzte: ekonomia, ingurumena, hondakinak, euskara, kulturgintza eta etxebizitza. Beste gaiak, kirola, memoria historikoa, eskola eta gazteak, hurrengo ikasturtean landuko dituzte.

Herritarrek aukera bi edukiko dituzte proiektuari euren ekarpena egiteko: alde batetik, urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra, eta martxoaren 5etik 23ra antolatuko diren topaketen bidez; eta bestetik, parte-hartze birtualaren bidez. Orotara, hiru interakzio birtual egongo dira: lehenengoa, urtarrilaren 21etik 28ra; bigarrena, otsailaren 19tik martxoaren 4ra; eta hirugarrena, martxoaren 26tik apirilaren 15era. Ekarpenak www.Larrabetzu2025.eus webgunearen bidez egin ahalko dituzte, baita Udalak emango dituen beste aukera batzuen bitartez ere, hala nola Hirix aplikazioa eta WhatsApp.

Prozesuari maiatzean/ekainean emango diote amaiera, eta emaitzak aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).