Martxoaren 18an ospatuko dute Larrabetzun Independentzia Eguna

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 21a, 10:01

Asteburu honetan, Independentistak Sareak eta Larrabetzuko Herritar Independentisten Batzordeak Independentzia Eguna aurkeztu dute Larrabetzun. Eguna, “Burujabe hobe” lelopean, martxoaren 18an egingo da eta jardunaldi osoan zehar zenbait ekitaldi antolatuko dira. Hausnarketa politiko eta soziala, aldarrikapena eta jai giroa uztartuko dira bertan.

“Independenteak izan nahi dugu jakin badakigulako inoren menpe barik, geure buruaren jabe, askoz hobeto biziko garela. Milaka gara hori sinesten dugunok eta horrela erakutsi dugu herriz herri burutu diren galdeketetan. Estatu propio bat nahi dugu, denari buruz geuk erabakitzeko”, esan dute antolatzaileek ohar batean. “Euskal Herri independente bat nahi dugu, arloz arlo, eguneroko bizimoduari aurre egiteko baliabideak eta ilusioa dituena, bere herritar guzti-guztien ongizatea bermatu dezakeena”.

Antolatzaileen esanetan, Euskal Herri osoko eragileak batuko dira Independentziaren Egunean, eta nork bere arloan zer egiten duen azalduko du. “Batez ere, ozen adieraziko dugu Euskal Herriaren independentziaren alde gaudela”. Euren ustez, Estatu espainiarrak eta frantsesak oztopatzen dute helburua. “Espainiarrak Katalunian egiten ari direnak eta frantsesak korsikarrei ukatzen dienak independentziaren beharra berretsi baino ez dute egiten. Argi dugu herritarron borondate irmoak oztoporik handienak gainditzen dituela, ezinezkotzat duguna ere lorgarria dela. Eta independentzia gaur eta hemen, lorgarria ez ezik, ezinbestekoa ere bada”.

Egun horretarako, kanta berezi bat prestatu da, Joseba Etxebarria larrabetzuarrak hamaika aldiz plazetan kantatu duen "Zazpi Euskal Herriek" abestiaren bertsio berria, hain zuzen ere. Letra Etxahun Lekue herriko bertsolariak egin du eta abestia lantzeko eta grabatzeko hainbat larrabetzuarrek hartu dute parte.

 

Larrabetzu, independentziaren alde

Antolatzaileek adierazi dute larrabetzuarrak independentziaren alde agertu direla. Izan ere, hainbat lagunek hartu zuten parte 2017an egin zen herri galdeketan, eta Estatu buru jabe baten aldeko jarrera bertan nagusitu zen. “Pauso bat aurrera emateko aukera egokia da martxoaren 18koa. Horregatik, larrabetzuarron borondatea gauzatzeko ekimen legez eskatu diogu udalari bere burua Euskal Herriaren independentziaren aldeko udalerri izendatu dezan”. Ildo honi jarraituz, independentziaren aldeko mozioa aurkeztuko da herriko udalbatzan, otsailaren 28an. Antolatzaileek hara joateko deia egin diete herritarrei, han “Larrabetzuko historiarako hain garrantzitsua izan daitekeen erabakia hartuko da-eta”.  

 

EGITARAUA
· 11:00 Kalejira: txistulariak, trikitilariak ...
· 12:00 – 14:30 Euskara, hezkuntza, sozioekonomia, energia, feminismoa, memoria, aniztasuna, kirola ... Arlo bakoitzak bere mahaia eta bere gunea izango du herriko plazan eta hainbat ordezkarik hitza hartzeko aukera izango dute.
· 13:00 Ondo etorria ordezkari, gonbidatu eta herritarrei. Ekitaldi instituzionala.
· 15:00 Bazkari herrikoia.
· 17:30 Kultur emanaldia.
· 18:00 Ekitaldi nagusia.
· 18:30 Erromeria: Inmuntzo eta Beloki.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).