Eskolako estaldura berria eduki du aztergai Larrabetzuko Umeen Kontseiluak

Aikor aldizkaria 2018ko ots. 26a, 10:54

Umeen Kontseilua iaz ipini zuten martxan, larrabetzuar txikien parte hartzea bultzatzeko, eta beren beharrizanak eta herriari buruz duten iritzia ezagutzeko. 

Umeen Kontseilua 12 lagunek osatzen dute, joan den urtean bertan izan ziren sei umek eta sei ume berrik, eta 2018ko lehenengo bilera otsailean egin dute.

Udalak estaldura berria egingo du eskolako patioan uztailean, eta Iñigo Gaztelu alkateak eta Arantza Itziar zinegotziak umeengana jo dute, proiektuaren inguruan dituzten iradokizunak jasotzera. Egitasmoaren bideoa ikusi ostean, umeek egituraren nondik norakoak aztertu dituzte: Baloi batekin apurtu litzateke? Gora igo ahal gara? Baloiak kateatuta geratu ahalko dira? Ezkutatzeko lekuak izan ahal ditu? Haizea dabilenean, euria ez sartzeko parte batzuk beharko ditu, beharbada…

Hurrengo bileretan beste lan batzuei helduko die Umeen Kontseiluak, umeen begirada udal kudeaketan eta herrigintzan egunik egun txertatzeko. Kontseiluko kideak zozketa baten bidez aukeratu dira eta ekaina bitartean, hilean behin, arituko dira elkarlanean.