Independentzia aldarrikatu dute Larrabetzun

a: Idoia Andres eta Gaizka Peñafiel 2018ko mar. 19a, 10:29

“Burujabe hobe” lelopean, Independentzia Eguna ospatu zuten atzo Larrabetzun. Independentistak Sareak bultzatuta eta bertako herritar independentisten batzordeak antolatuta, hausnarketa politiko eta soziala, aldarrikapena eta jai giroa uztartu ziren egun osoan zehar. 

Azaldu zutenez, Euskal Herriak bere etorkizun politiko, ekonomiko, soziala eta kulturala erabaki dezan, burujabetza osoa izan behar du, eta burujabetza osoa gauzatzeko modu eraginkorrena estatu independentea eratzea da.

Euskal estatua arloz arlo egunero eraikitzen dabiltzan hainbat eragilek hartu zuten parte ekintzetan, hala nola euskara, hezkuntza, sozioekonomia, energia, feminismoa, gazteria, kultura eta memoria historikoa. Ekitaldi instituzionala ere egin zen. Otsailean independentziaren alde azaldu ziren Larrabetzu, Arrankudiaga eta Zollo, Dima eta Bakaikuko Udalak. Larrabetzuko alkate eta zinegotziekin batera, aipatutako Udaletako ordezkariak ere ibili ziren ekitaldian. Era berean, Kataluniako lagunek ere gonbidatu zituzten eguneko ekintzetan parte hartzera. Bestetik, herri bazkaria, kultur emanaldia eta erromeria ere egin ziren.