500 kopa saldu ziren Larrabetzuko Txakolin Egunean

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 26a, 11:12

Atzo, martxoaren 25ean, Larrabetzuko Udalak Txakolin Eguna antolatu zuen 17. aldiz. “Egun osoan zehar izan genuen eguraldi kaskarra kontuan izanda, antolatzaileok zein txakolingileak oso pozik gaude”, esan digu Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak. 

“Plaza beteta egon zen bazkaltzeko ordura arte. Guztira, 500 kopa saldu ziren eta oso giro polita egon zen herrian jardunaldi osoan zehar. Goizean azoka egin genuen eta arratsaldean erromeria egon zen Hori Bai gaztetxean”.

Azokak txakolina sustatzea du helburu. Bisitariek zazpi txakolin marka datatzeko aukera izan zuten Larrabetzun: Lezamako Basalbeiti, Erdikoetxe, Magalarte eta Garkalde; eta Larrabetzuko Gorka Izagirre, Bitxia eta Sasines. Brindisa, Iñaki Suárez larrabetzuarrak eta Asier Dañobeitia lezamarrak egin zuten. Iñaki UAES (Sommelierren Elkarte Espainiarren Batasuna) elkartearen Euskadiko ordezkaria da eta Asier ere bada sommelierra. Euren esanetan, urte gogorra izan da txakolina egiteko, eguraldi txarra egin duelako. Hala ere, aurtengo txakolina “gozo-gozo” dago.

Txakolin Egunak gure ardoa ez ezik bertoko produktuak ere sustatzen laguntzen du. Izan ere, Gurpide elkartearen eskutik, 10 postu jarri ziren eta han zenbait produktu eskaini ziren: ogia, gozokiak, barazkiak eta gazta, tartean.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).