Partida jokatu eta gero, jokalariak eta klubeko lagunak batu ziren bazkaltzeko eta ostean, lorpena behar bezala ospatzeko.
“Ospakizuna itzela izan zen. Goizean, 11:30an, herriko gazte batzuk plazan batu ziren eta kalejira egin zuten zelaira. Oso giro polita egon zen, zaletuak abesten eta animatzen etengabe ibili zirelako. Partida hasi baino lehen, zaletuak eta beheko mailako jokalariak zelaian sartu ziren eta txaloka hartu zituzten Uritarra taldeko jokalariak”, esan digute klubeko ordezkariek. Arratsaldean, ospakizuna egin zen: jokalariek kalejira egin zuten autobusez; geroago, udaletxean ekitaldi bat egin zen; geroago, eszenatoki batean jokalariek eta klubeko presidenteak herriarekin ospatu zuten. Bukatzeko, gauean, parrilada eta txosna antolatu ziren.
Garmitxaren aldeko txapelketa
Ospakizunekin batera, asteburu berezia izan zen Uritarra taldearentzat. Izan ere, urtero moduan, Garmitxa elkartearen aldeko gazte mailako txapelketa antolatu zuen. Guztira, 16 taldek hartu zuten parte, baina lauk baino ez zituzten finalerdiak jokatu. Lehenengoan, Athleticek 1-7 irabazi zion Mungiari; eta bestean, Santurtziko Peña Athletic taldeak, 3-1, Villa de Ermua Blues taldeari. Finalean, 2-2 berdindu ostean, Athletic penaltietan nagusitu zen. “Oso giro polita egon zen jardunaldi osoan zehar, bai, taldeen artean, bai zaletuen artean. Ondo pasatu genuen”, esan dute klubeko ordezkariek.
Asteburua borobiltzeko, atzo, maiatzaren 27an, Uritarra, Athletic eta Ezkerraldea taldeek beteranoen txapelketa ere jokatu zuten. Horretan ere nagusitu zen Athletic, zurigorriek partida biak irabazi zituztelako: 2-1, Ezkerraldeari; eta 2-0, etxekoei.