Larrabetzuarraren esanetan, nahiz eta lehenengo postuan gelditzea ez espero, Bizkaiko txapelketa irabaztea errazagoa izan da. “Lehiakideen maila ezagutzen genuen eta bagenekien aukerak genituela”. Euskadikoa irabaztea zailagoa izan zen. “Aurreko asteburuan estropada bat egon zen maila ikusteko eta bertan bigarrenak lotu ginen. Irabazleek lau segundoko aldea atera ziguten. Txapelketaren kanporaketan lehenengoak lotu ginen, baina bigarrenei bakarrik hiru segundoko aldea atera genien. Beraz, pozik ibili ginen, baina urduri ere bai. Eta azkenean, irabazi egin genuen. Gainera, apur bat gogorra izan zen, txapelketa Legutioko urtegian izan zelako eta guk ez genuelako estropada-zelai hori ezagutzen”.
Euskadiko txapelketak irabazteak Espainiako txapelketara, Sevillara, eraman ditu uztailean. Bertan, laugarrenak gelditu dira eta Lazkanoren hitzetan, gazi-gozoa izan da. “Izan ere, hirugarrenek hiru segundoko aldea baino ez ziguten atera. Baina, tira, emaitza hori ere bada pozik egoteko modukoa. Ea hurrengoan!”.