Txupinazoa abuztuaren 14an botako badabe be, ohikoa dan moduan, Futbol 7 txapelketeak hasierea emongo deutse jaiei abuztuaren 12an. Egun horretan kanporaketak jokatuko dira eta hurrengo egunean, astelehenean, finalaurrekoak eta finala. Ostean, herri afaria egongo da eta jarraian, aurtengo nobedadeetariko bat: Larrabetzuko talentu lehiaketea. “Gura dauenak igon ahal izango dau oholtzara bere talentua erakustera. Edozein gauza egin daiteke: dantza, malabarismoa…”, esan deuskue Intxurreta jai-batzordetik.
Martitzenean Kintoen Eguna izango da. “Giro itzela dago herrian egun horretan”. Besteak beste, triatloia eta erromeria edukiko dabez. Abuztuaren 15ean, Andra Mari Egunean, kalejiran aterako dira goizean. “Gainera, buruhandi eta erraldoi barriak ditugu”. Nobedade moduan, Bizkargi herriko dantza taldeak dantzen agerraldia eskainiko dau Kataluniatik etorriko dan Colla bastonera Cop de Garrot taldeagaz batera. Arratsaldean, umeentzako jolasak egongo dira. “Herriko umeen kontseiluagaz batu gara eta galdetu deutsegu zer gustauko litxakien jaietan egotea. Euren eretxia be hartu dogu kontuan”. Era berean, txarangea, karrozen desfilea eta zumba saioa egongo dira. Matraka elektrotxarangeak amaierea emango deutso jaietako egun handiari.
Andramarien azken eguna umeei eskainiko jake. “Puzgarriak egongo dira igerilekuetan, pintxo lehiaketea egingo da eta bazkaria eukiko dabe umeen parkeko aterpean”. Horrezaz gainera, eta helduei zuzenduta, sukalki txapelketea egongo da. “Txapelketa hori gero eta arrakasta handiagoa hartzen dabil”. Igaz Lekittoko Deabruak antzerki taldeak ikuskizuna eskaini eban Larrabetzun, eta ekitaldia hainbeste gustau zan, ezen aurten be aukerea egongo dan euren piroteknia-ikuskizunaz gozatzeko. “Ostean, dantza lehiaketea edukiko dogu, hainbat estilotakoa: tango, country… Lehiaketa horrek arrakasta handia izaten dau eta jentetza batzen da plazan. Oso giro polita sortzen da”. Tximeleta erromeria taldeak goizaldea girotuko dau.
Emeteriak
Intxurreta jai-batzordeak emeteriak berbizteko ardurea hartu eban igaz eta aurten be ildo horretatik jarraituko dabe. Horrela, bada, ekitaldiz beteta etorriko jakuz abuztuaren 30etik irailaren 1era bitarteko egunak.
Eguenean kalejirea egongo da, marmitako eta mus txapelketak, eta erromeri talde bi: Gauargi umeentzat; eta Drindots, helduentzat. Barikuan, bertso-saioa eskainiko dabe Anjel Mari Peñagarikano eta Jone Uria bertsolariek, eta altxorraren bila ekitaldi erraldoia egingo da arratsaldean. Musikea La jodedera eta Ezten Giro taldeek ipiniko dabe. Azkenik, Kulki jolasak, apar-jaia, herri kirolen desafioa eta erromeria Iratzar taldeagaz egongo dira.
Jai herrikoiak antolatzen dira Larrabetzun, herritarrengan pentsatuta herritarrak kalera urten daitezan, sortzen dan giroaz disfrutatzera. Halanda be, jai-batzordetik adierazo daben moduan, bost kide baino ez dira eta gatxa da urterik urte idea barriak asmatzea. Nahiz eta azkenean beti lortzen daben egitarau dotorea antolatzea. “Gurea oso herri txikia da eta erraz galdetu ahal deutsagu jenteari zer gustauko litxakien jaietan egotea. Ekarpen guztiak hartzen doguz kontuan, baina erabagiak bost lagunen artean hartzea ez da erraza”. Horra hor, beraz, euren eskaerea.
Jai-egitarauak
Abuztuak 12, domeka
–17:30 Futbol 7 txapelketearen kanporaketak.
Abuztuak 13, astelehena
–17:00 Futbol 7 txapelketearen finalaurrekoak eta finala.
–20:00 Herri afaria.
–Futbol 7 txapelketearen sariak banatzea.
–22:30 Kantuz kantu eta Larrabetzuko talentu lehiaketea.
Abuztuak 14, martitzena
–18:00 Triatloia.
–20:00 Txupinazoa, Saharako umeen eskutik eta trikitilariakaz, txistulariakaz, Akermarigaz, Paskualagaz, Matxinegaz, Jesusagaz eta Akerbaltzegaz.
–22:00 Xaibor.
–00:00 Erromeria: Laket.
Abuztuak 15, eguaztena
–11:30 Kalejirea, txistulariakaz, Akermarigaz, Paskualagaz, Matxinegaz, Jesusagaz eta Akerbaltzegaz.
–12:00 Dantzak: Colla bastonera Cop de Garrot (Katalunia) eta Bizkargi dantza taldea.
–13:30 Joselontxo´s txarangea.
–17:00 Umeentzako jolasak, Anguleri kultur etxearen atzealdean.
–17:00 Joselontxo´s txarangea.
–19:00 Karrozak.
–21:30 Zumba.
–22:30 Matraka elektrotxarangea.
Abuztuak 16, eguena
–11:00 Kalejirea, txistulariakaz, Akermarigaz, Paskualagaz, Matxinegaz, Jesusagaz eta Akerbaltzegaz.
–11:00 Puzgarriak, igerilekuetan.
–13:00 Umeen pintxo lehiaketea.
–14:00 Umeen bazkaria.
–14:30 Sukalki txapelketea.
–19:30 Sokamuturra.
–21:30 Lekittoko deabruak.
–23:00 Dantza lehiaketea.
–00:00 Erromeria: Tximeleta.
Abuztuak 24, barikua.
San Bartolome
–13:00 Igel-toka txapelketea (0-16 urtera artekoentzat).
–14:30 Paella txapelketea.
–17:00 Briska txapelketea.
–18:00 Igel-toka txapelketea (16 urtetik gorakoentzat).
Emeteriak
Abuztuak 30, eguena
–12:00 Kalejirea, txistulariakaz, Akermarigaz, Paskualagaz, Matxinegaz, Jesusagaz eta Akerbaltzegaz. Txupinazoa.
–14:30 Marmitako txapelketea.
–17:00 Mus txapelketea.
–17:30 Gauargi umeentzako erromeria.
–22:00 Erromeria: Drindots.
Abuztuak 31, barikua
–12:30 Bertsolariak: Anjel Mari Peñagarikano vs. Jone Uria.
–17:00 Briska txapelketea.
–18:00 Altxorraren bila.
–19:30 La jodedera musika taldea.
–22:30 Erromeria: Ezten Giro.
Irailak 1, zapatua
–12:00 Kulki.
–17:00 Apar-jaia.
–19:00 Herri kirolen desafioa.
–22:00 Erromeria: Iratzar.