Larrabetzuko lantegi berri batek 10 lanpostu sortu ditu

Aikor aldizkaria 2018ko ira. 21a, 13:12

Histocell euskal enpresak produkzio gunea inauguratu zuen Larrabetzun, irailaren 14an. Enpresa hori La NorayBio taldearen barruan dago eta medikuntza birsortzailerako eta terapia zelularrerako botiken eta osasun produktuen garapenean dabilen bio-farmazia enpresa da. Histocellek ikerketa eta Garapenerako instalazio bat dauka Derion, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Larrabetzuko fabrika egiteko 1,6 milioi euro inbertitu dituzte, eta 10 lanpostu sortuko ditu hasiera batean, 30 inguru hurrengo urteetan.

Inaugurazio ekitaldian hainbat lagun batu ziren: Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua,  Imanol Pradales Ekonomiaren Garapenerako foru diputatua, eta Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea. Horiek Histocelleko eta NorayBio taldeko arduradunekin bisitatu zituzten instalazioak. “Enpresa berritzailea da eta azpimarratzekoa da dena Euskaditik egiten dutela, hemen garatutako teknologia eta patenteak erabilita: laborategietako ikerketa, produktuak merkaturatzera, produkzioa…”, esan zuen Rementeriak.

Histocellek, ama zelulatan oinarritutako terapia zelularreko botikak ekoizten ditu. Botika horiek fase klinikoan daude gaur egun Espainiako hainbat ospitaletan, eta lehenengo pazienteekin egindako tratamenduek emaitza itxaropentsuak eman dituzte. Larrabetzun, sendatzeko zailak diren zaurien tratamendurako Reoxcare lineako 100.000 apositu ekoiztuko dira; baita Wharton Gel Complex osagai kosmetikoaren 400 kilogramo eta Histoessence produktu dermo-kosmetikoen 200.000 bial inguru ere. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).