Amenabarrek Santurtziko kanporaketan kantatuko du domekan

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 10a, 10:32

Bizkaiko Bertsolarien Txapelketaren bigarren kanporaketa domekan, urriaren 14an, jokatuko da Santurtzin, Serantes Kultur Aretoan hain zuzen ere. Saioa 17:00etan hasiko da eta bertan Malen Amenabar Larrañaga larrabetzuarra arituko da.

Amenabarrekin batera bertsolari hauek kantatuko dute: Arrate Illaro Etxebarria, Ekaitz Larrazabal Gutierrez “Katxo”, Eneko Abasolo Txabarri “Abarkas”, Imanol Arrutia Azkueta eta Iñaki Iturriotz Zuluaga. Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara eta Igorren kantatuko du azaroaren 25ean. Beste bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

Gai jartzaile lanetan Oier Iturralde Fernandez ‘Atano’ ariko da Santurtzin. Epaimahaiko kideak hauek izango dira: Alaitz Etxanobe Bereziartua, Ander Txakartegi Basterretxea, Jon Jaio Aiartzaguena, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Miriam Juaristi Urizar. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga ibiliko da.

Kanporaketetako fasean bertsolariek lan hauek egin beharko dituzte:

•           Zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso.

•           Zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso.

•           Puntua emanda bertso bi zortziko txikian.

•           Hamarreko txikian ofiziotan hiruna bertso.

•           Bakarkako lana: gai bati buruz bertso bi, doinu eta neurri librean.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai.