Errebale jauregiko aterpetxea kudeatzeko proposamenak batzen dabiltza Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 8a, 10:29

Erromesentzako aterpetxea Errebaleko jauregiko bigarren solairuan dago, eta, Udaletik jakinarazi duten moduan, hainbat aukera aztertzea erabaki dute, hura 2019. urtean kudeatzeko.

Proposamenak norbanakoek eta edozein elkartek edo enpresak aurkeztu ahalko dituzte azaroaren 30era arte. Proposamenak abenduko Ogasun Batzordean aztertuko dira, eta kudeaketa sistema berria urtarrileko Udal Batzean onartuko da. Prozesuari dagozkien prozedura eta baldintzak www.larrabetzu.eus webgunean kontsulta daitezke.

Aterpetxea 2016. urtean ipini zen martxan, Larrabetzuko Udalaren eta Donejakue Bideko Ostatu-emaile Boluntarioen Elkartearen arteko hitzarmenaren ondorioz. Elkarte hori proiektua aurkeztu zuen bakarra izan zen. Aterpetxea eskolan atondu zen hasieran, baina hurrengo urtean Errebale jauregira eraman zuten. Era berean, Ostatu-emaile Boluntarioen Elkartearekin hitzarmena berriztea erabaki zen, eta aterpetxearen zabaltze epea luzatzea. Azaldutakoaren arabera, EAJ-PNV alderdiak urte hasieran eskatu zuen aterpetxearen kudeaketa esleitzeko sistema aldatzeko. Denbora arazoengatik, Udal Gobernu taldeak erabaki zuen elkartearekin zuen hitzarmena urriaren 30era arte berritzea, eta proposamen berriak batzeko prozesua urte bukaeran zabaltzea.

Bestetik, apirilaren 1etik urriaren 15era bitartean, 3.043 erromesek erabili dute Larrabetzuko aterpetxea. Erromesek utzitako dohaitzak batu, eta Donejakue Bideko Ostatu-emaile Boluntarioen Elkarteak 3.500 euroko diru-laguntza eman dio Larrabetzuko Udalari, premiak dituzten herriko familien artean bana dezaten.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).