Lekue, pozik txapelketan egindako lanarekin eta Enbeitaren garaipenarekin

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 17a, 13:47

Zapatuan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala izan zen Bilbao Arenan, eta txapela Onintza Enbeitak eraman zuen. Enbeita Bizkaiko txapelketa irabazi duen lehen emakumea izan da, eta txapela bere osabak, Jon Enbeitak, ipini zion. Buruz-burukoa Etxahun Lekue larrabetzuarrarekin jokatu zuen.

Lekueren esanetan, finala gorabeheratsua izan da, baina polita eta atsegina ere bai, “eta denon aldetik zer edo zer ona geratu da”. Larrabetzuarra gustura egon da txapelketan zehar, bereziki Lekeitioko finalaurrekoan, eta aitortu du finalean nahiko gorabehera handiekin ibili dela. “Aurten, beharbada, umoretik asmatu dut gehien, bai zortziko txikiko ariketetan, bai lehenengo fasean zein buruz burukoan Mari Domingirekin. Baita Lekeitioko saioan ere. Bestetik, normalean egiten ez ditudan akats asko egin ditut, baina, beno, horren gainean hausnartu dut eta gainditu dut dagoeneko. Orokorrean, pozik nago egin dudanarekin eta Onintzaren garaipenarekin, lagun handiak garelako”. Lekue eta Enbeita umetatik ezagutzen dute elkar eta askotan izan dira elkarrekin eskola arteko txapelketetan, bertso barnetegietan eta hainbat saiotan. “Inoiz buruz-burukoa berak eta biok jokatu beharko genuela esan dit hamaika aldiz, eta aurten izan da. Asko pozten naiz berarengatik”.

Enbeita eta Lekuerekin batera, bertsolari hauek ailegatu ziren finalera: Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza, Eneko Abasolo Abarkas eta Aitor Bizkarra. Bilbao Arenan 4.350 bertsozale batu ziren, giro ezin hobean.

Azkenik, Lekuek Malen Amenabar larrabetzuarrak txapelketan egindako lana ere nabarmendu du. “Oso txapelketa ona egin du eta horretaz asko pozten naiz”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).