Eskola feminista antolatu dute Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2018ko abe. 20a, 10:44

Eskola Zutunik! bertako talde feministak antolatu du Udalaren babesarekin. Orotara zortzi tailer egongo dira, eta horiek Faktoria Lilak eskainiko ditu. Tailerrak herritar guztientzat dira, emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat, eta doakoak izango dira.

Irantzu Varela Urrestizalak “De primero feminismo” tailerra emango du urtarrilaren 17an, eta horretan oinarrizko kontzeptuak, feminismoa eta ahalduntzea edukiko dituzte hizpide. Urtarrilaren 23an, autodefentsa feminista tailerra egongo da Pilar Alvarezen eskutik. Saioa bakarrik emakumeentzat izango da, eta parte-hartzaileei biktima izateari uzteko bitartekoak eta autodefentsarako oinarrizko teknikak jakinaraziko zaizkie. La Santa Marikak “Gizona ez da jaiotzen” tailerra emango du urtarrilaren 31n. Tailerrean, maskulinitatearen, ezberdintasunen eta maskulinitate alternatiboen eraikuntzaz arituko dira.

Arrazializatutako feminista taldeak “Emakume guztiak ala inor ez” saioa emango du otsailaren 7an, eta horretan feminismoa zapalketa guztien kontrako borroka moduan aztertuko dute. Josebe Iturriozek “Generotik atera daiteke” tailerra eskainiko du otsailaren 14an, eta hauek jorratuko ditu: sexualitatea, genero identitatea, desiraren orientazioa, maitasun erromantikoa eta heteronorma. Otsailaren 21ean, “Onura batzuentzat soilik?” saioa egongo da Alaia Elorrietaren eskutik, eta haren ardatza ekonomia feminista izango da.

Nagore Iturriozek hezkuntzari, hezkidetzari, hazkundeari eta aukera-berdintasunari helduko die otsailaren 28an, “Parekidetasuna eta hezkuntza” tailerrean, eta, azkenik, Kattalin Minerrek feminismoa eta komunikazioa, sare sozialak, publizitatea eta fikzioa hizpide edukiko ditu “Kontakizuna feminista izango da” saioan. Azken saio hori martxoaren 7an egingo da.

Tailer guztiak 18:00etatik 20:00etara izango dira Anguleri kultur etxean, eta izena ematea Angulerin bertan edo zutuniktaldefeminista@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidalita egin daiteke. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 7an izango da, eta Larrabetzun erroldatuek edukiko dute lehentasuna. Izena nahi beste tailerretan eman daiteke.

“Zutunik! talde feministakoek argi dugu feminismoa denon kontua dela, eta gure zeregina da emakume eta gizonen arteko berdintasun eskubide guztiak berma daitezen lan egitea”, azaldu dute antolatzaileek. Taldea 2015ean sortu zen, eta helburu hori eduki dute handik hona antolatu dituzte ekintza guztietan. “Hasieratik konturatu ginen formakuntzaren beharra genuela, eta zeregin horretan parekidetasunari, feminismoari eta ahalduntzeari buruzko formakuntza tailerrak antolatzeko proposamena egin dugu”. Ikastaroak “pertsona guztiak eskubide eta aukera berdinak dituzten mundu justu batean bizi ez garen bitartean libreak izango ez garela uste duten emakumeentzat eta gizonentzat dira”. Antolatzaileek larrabetzuar guztiei egin diete saioetan parte hartzeko gonbidapena, “feminismoa denon kontua delako”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).