Ingurumenari eta garapen jasangarriari lotutako protokoloa sinatu dute Larrabetzun

a: Idoia Andres 2019ko ots. 4a, 12:04

Protokoloa Udalak, Gurpide elkarteak, Txinpasmendi gurasoen elkarteak eta Azurmendi jatetxeak sinatu dute, eta haren bidez hauek sustatuko dituzte udalerrian: ingurumena, lehenengo sektorea, barne-komertzioa, garapen jasangarria eta osasun publikoa. 

Sinatzaileek politika egokiak garatzeko konpromisoa hartu dute. Horrela, bada, eta lehenengo sektorea bultzatzeko, tokiko produktuen kalitatea eta kontsumoa indartuko dituzte. Era berean, hiri-hondakinen sorrera murrizteko politikak indartuko dituzte, eta sustatuko dituzte hiri-hondakinak selektiboki biltzea, horiek modu jasangarrian tratatzea eta berrerabiltzea. Azkenik, ekonomia zirkularra ere bultzatuko dute.   

Helburuak lortu ahal izateko, beharrezkoak diren azpiegiturak erabiltzeko konpromisoa hartu du Larrabetzuko Udalak, betiere udal azpiegituren erabilerak dituen lege-betekizunak errespetatzen badira. Hitzarmen berri emango du komunikabideetan, eta konpromisoek ekar ditzaketen ekintzen inguruko informazioa eta publizitatea zabalduko du herritarren artean.

Gurpide elkarteak, bestalde, lehenengo sektorean kalitateko produktuak sustatuko ditu, eta eskolako jantokian tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzea bultzatuko du, eta, ingurumena zaintzeko, etxebizitzan eta herriko dendetan batutako hondakin organikoekin konposta egitea eragingo du.

Txinpasmendi gurasoen elkarteak, ahal den neurrian, tokiko produktuak kontsumitu eta herriko merkataritza erabiltzeko konpromisoa hartu du. Eskolako jantokian sortutako hondakin organikoak Udalaren kudeaketa-sistemaren bitartez tratatuko dituzte, eta hondakinak bereiztea, birziklatzea eta berrerabiltzea sustatuko dituzte eskolan.  

Azkenik, Azurmendi jatetxeak ere bultzatuko ditu tokiko produktuak, eta hondakinak modu egokian batuko ditu: hondakin organikoak bereiziko ditu eta udalaren kudeaketa-sistemaren arabera jasoko ditu. Horrek dakartzan gastuei ere egingo die aurre. Gainera, eskolako umeek jatetxearen azpiegiturak bisitatzeko aukera izango dute.   

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).