Denok gara Mikele!

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 7a, 14:09

Martxoaren 16an, Uritarra eta Derio futbol taldeek elkarren kontra jokatuko dute Larrabetzun, Errebale zelaian. Partida Ohorezko Mailakoa da, eta zapatuan, 17:30ean, jokatuko da. Ligako beste partida bat da, baina ez da arrunta izango, helburu solidarioa baitu: Uritarrak taldeak partidan batuko duen dirua ImpulsaT elkarteari emango dio.    

“Taldekide baten arrebak, Mikelek, zortzi urte dauzka eta gurpil-aulkia erabiltzen du, sortzetiko muskulu-distrofia gaixotasuna duelako. Familia Larrabetzukoa da, eta laguntza eskaini nahi izan diogu. Eta ideia bururatu zitzaigun. Ikusle guztiek –bazkideek barne– 10 euro ordaindu behar izango dute partida zuzenean ikusteko. Ohiko prezioa da. Txarteldegian batzen dugun dirua ImpulsaT elkarteari emango diogu”, adierazi dute Uritarrak taldekoek.

ImpulsaT elkartea Katalunian sortu zen, merosina-urritasunak eragindako sortzetiko muskulu-distrofiaren kontra borrokatzeko. Gaixotasun hori arraroa da, eta nahiko larria. Distrofia mota hau duten umeek garapen psikologiko arrunta dute, baina fisikoki arazoak dituzte merosina-kopuruaren arabera: muskuluen tonua txikiagoa, kontrakturak, arnasa hartzeko arazoak... 

“Derioren kontrako partida aukeratu dugu, hain zuzen ere, derbia delako. Gure arteko harremana ona da, baina, alboko herri bateko taldea denez, lehia berezia dugu. Gainera, Derioko zaletuak etortzea ere espero dugu, gertu-gertu daudelako. Tamalez, egun eta ordu berean Athleticek ere jokatuko du Bilbon, baina tira, espero dezagun ahalik eta jende gehien zelaian batzea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).