Arrizabalaga, finaletik kanpo

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 12a, 12:12

Asteburuan, Emakume Master Cup Binakako txapelketaren lehen mailako finalerdiak jokatu dira Errenteriako pilotalekuan. Olatz Arrizabalagak –Larrabetzun entrenatzen duen gernikarrak– eta Iera Agirrek 18 eta 17 galdu zuten Patri Espinar eta Mirian Arrillagaren kontra. Beraz, finaletik kanpo gelditu dira.

Partida oso gogorra izan zen: pilotariek 874 pilotakada eman zituzten, eta norgehiagokak 75 minutu iraun zituen. Hasieran, Espinar eta Arrillaga –gorriz jantzita– nagusitu ziren, baina partida irabaztear zeudela, 17 eta 13 markagailuan, Arrizabalaga eta Agirre –urdinak– aldea murrizten hasi ziren. Hala ere, azkenean ezin izan zioten markagailuari buelta eman eta partida galdu zuten. Protagonista nagusia Espinar izan zen, 14 tanto lortu zituelako. 

Beste finalerdia ere orekatu-orekatua izan zen. Leire Garaik eta Leire Etxanizek finalerako sailkapena lortu zuten, Maite eta Olatz Ruiz de Larramendi ahizpei 18 eta 17 irabazi zietelako. Finala, beraz, Espinar-Arrillaga eta Garai-Etxaniz bikoteek jokatuko dute Zumarragako Beloki frontoian, domekan, martxoaren 17an. Leku eta egun berean promozio mailako finala ere jokatuko da. Bertan, Maria Granado-Ainhoa Lakuntza eta Madalen Etxegarai-Uxue Oses gipuzkoarrak sartuko dira lehian. Partida guztiak EiTB kateak emango ditu zuzenean.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).