Aparkaleku berria, Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 15a, 10:48

Gaur zabaldu da Larrabetzuko Udalak Lehendakari Agirre kalean jarri duen aparkaleku berria. Horrek 90.000 euroko aurrekontua izan du eta, guztira, 54 plaza dauzka. Aparkalekua frontoia eta igerilekuaren artean kokatu da. Etorkizunean, etxebizitzak egingo dira bertan, baina horiek egiten diren bitartean, Udalak erabaki du leku horretan aparkalekua jartzea.

“Aparkalekua ez da betiko han egongo. Etxebizitzak egiten direnean, –hori eraikin-enpresaren esku dago– aparkaleku berria eta behin betikoa egingo da”, esan du Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkateak.

Aparkalekua behin-behinekoa bada ere, Udalak irtenbidea eman nahi izan dio azken bolada honetan herrian sortu den aparkatzeko arazoari. Horren haritik, herritar batzuek txarto aparkatzen dute autoa; agintariek hori ekidin nahi dute. “Kontzientziazio-kanpaina zabaldu dugu, arauak errespetatzeko; bestela, jendeak txarto aparkatzen jarraitzen badu, Udalak neurriak hartuko ditu eta isunak ipiniko ditu”.