Udalak azaldu duen moduan, hilarria “landa batean izan da orain arte, inolako babesik gabe”, eta horregatik erabaki dute hura gordetzea, “izan ditzakeen kalteak edo hondatzea saihesteko”. Larrabetzuko Udala 1936ko gerra eta ondorengo urteetako memoria historikoa berreskuratzeko egitasmoa lantzen dabil, eta herrian memoriaren zentroa sortzeko asmoa dute. Hilarria bertan ipiniko lukete hura testuinguruan kokatzeko.
Wilmsen hilobiak honela dio: “Hemen erori zen 1937ko ekainaren 1ean, Espainiaren alde, August Wilmsen, 1913ko martxoaren 14an, Kefrelden jaioa”. Hainbat herritarrek gogoratzen dutenez, 1936ko gerra bukatu, eta autobusa etortzen zen Alemaniatik Larrabetzura, pilotu naziari omenaldia egitera.