Erromesentzako Larrabetzuko aterpetxea urrira arte egongo da zabalik

Aikor aldizkaria 2019ko api. 1a, 13:17

Larrabetzuko Udalak hitzarmena sinatu du Bizkaiko Done Jakue Bideko Ospitalari Bolondresen Elkartearekin, Done Jakue Bidea herrian sustatzeko. Horretarako, Udalak gaur ireki die erromesei Errebale jauregian dagoen aterpetxea. Hori urrira arte egongo da zabalik. Aterpetxeak 22 lagunentzako lekua eskaintzen du, baina behin-behineko 10 leku gehiago atondu ahal dira bertan.  

Bizkaiko Done Jakue Bideko Ospitalari Bolondresen Elkarteak aterpetxea kudeatuko du, hau da, instalazioak zainduko ditu eta erromesak zerbitzatzeko giza baliabideak eskainiko ditu. Gainera, 95 euro ordainduko dio Udalari hilean, ura eta argiaren kontsumoa dela eta. Era berean, elkarteak aterpetxeari lotutako bestelako gastuak ere ordainduko ditu: garbiketa, botikina hornitzea…

Udalak jakinarazi duen moduan, azken hiru urteotan, 7.121 lagunek eman dute gaua Larrabetzuko aterpetxean. “Horiek guztiek gure herria ezagutu dute, bertoko esperientziak partekatu dituzte, antolatutako ekintzetan hartu dute parte... Eta gure dendetan, tabernetan eta jatetxeetan kontsumitu dute. Horregatik, ostalariek eta merkatariek oso iritzi ona eman diote aterpetxeari”, adierazi du Udalak prentsa-ohar batean.