Bizkargi Eguna

a: Idoia Andres 2019ko mai. 3a, 10:43

1937an, eusko gudariek faxistei egin zieten aurre Bizkargi mendian, eta, ohikoa den moduan, asteburu honetan ekitaldiak egongo dira gudarien omenez. Aldarrikapena eta jai-giroa uztartuko dira bertan.

Zapatuan, maiatzak 4, Bizkargira igoera egingo dute zortzigarren aldiz Larrabetzun. Lasterketa goizeko 12etan hasiko da. Bestalde, domekan, maiatzak 5, hainbat ekitaldi egongo dira mendi tontorrean. Amorebieta.com webgunean jakinarazi duten moduan, goizeko 11etatik aurrera trikitilariek eta txistulariek girotuko dute goiza, eta 12:30ean “Iragana, oraina eta geroa” ekitaldia egingo da. Ondoren, zanpantzarrak izango dira, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldearen emanaldia, eta aginte-makila emango diote Etxanoko Nagusiari. Era berean, bertsolariak arituko dira –Xabier Arriaga Txiplas, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue eta Malen Amenabar– , eta kantaldia egongo da Eneko eta Markelen eskutik. Dimako Kantu Bat Gara taldeak kontzertua eskainiko du 13:15ean. Ekitaldiak Bizkargi Gogoratuz elkarteak antolatu ditu. 

Larrabetzuk lekukoa hartuko du arratsaldean. Arrastiko 7etan ekitaldia egingo da, eta ostean erromeria izango da plazan Imuntzo eta Beloki taldearekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).