Pilota protagonista izango da Larrabetzuko San Isidro jaietan

a: harodigital.com 2019ko mai. 14a, 13:09

Bihar, maiatzaren 15a, San Isidro eguna da, baserritarren jaia, eta herri askotan egiten dituzte ospakizunak. Derion, esate baterako, jai nagusiak dira eta bihar bertan hasiko dira. Bestetik, Larrabetzun, pilota izango da protagonista.

Arratsaldean, 18:30ean, jaialdia egingo da frontoian, Olarreta Pilota elkartearen eskutik. Elkarteak aurten bete ditu 20 urte. Gainera, klubeko neska-mutilek pilota eta pala erakustaldiak egingo dituzte. Azkenik, omenaldia egingo diete Leire Etxaniz eta Danel Elezkano pilotariei. Biak dira txapeldun handiak eta, gainera, Leirek Olarreta Pilota Elkarteko kideekin entrenatzen du.

Era berean, Elezkano eta Etxaniz euskararen alde agertu dira beti. Olarretak ere adieraziko dio atxikimendua euskarari. Izan ere, jaialdiak bat egingo du Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak sustatzen duen “Kirola oinarritik Euskaraz” programarekin. “Euskarak berak gure kirolean duen garrantzia azpimarratuko dugu”, esan dute ohar batean. Ildo honi jarraituz, pilotariek eta zaletuek hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua duen jolas batean hartuko dute parte.

Larrabetzun, goizez hasiko dira San Isidro ospatzen, Udalak eta zenbait elkartek antolatutako ekitaldiei esker. Goizean, 10:00etan, irteera egingo da familia osoarentzat. Ostean, azoka atonduko da herriko plazan, 12:00etatik aurrera. Umeek solo eta lorategiko tailerra egiteko aukera izango dute bertan. Herri bazkariak eta Gure Etxean egingo den briska txapelketa batek osatuko dute egitaraua. Herri bazkarian parte hartzeko, sarrerak erosi behar dira Gazteleku tabernan, 20 euroren truke. Kooperatibakoek ez dute ordaindu beharko.   

Lezama eta Zamudio

Lezama eta Zamudioko baserritarren kooperatibek ere ospatuko dute San Isidro, zelan ez. Biek idi-probak antolatu dituzte: Zamudion, herriko Hormaetxe anaiek –Zumeltzu baserria– eta Aurrekoetxea anaiek hartuko dute parte; eta Lezaman, Uribarri baserrikoek –Lezama– eta Jose Angel Bilbao zamudioztarrak. Saio biak 13:00etan egingo dira.