Ume sahararrak berriro ibiliko dira Larrabetzun oporretan

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 4a, 12:03

Udalak aurten ere hartuko du parte Bakeleku Udalekua proiektuan, Bakeleku Udalekua Bizkaia eta Zumaiako Darahli elkarteen laguntzarekin. Hori dela-eta, 10 urtetik 12 urtera bitarteko 30 neska-mutil sahararrek emango dute uda Larrabetzun. 

Iaz moduan, udalak frontoia, igerilekuak eta eskola erabiliko ditu udalekua atontzeko, eta han sukaldari bat eta zortzi begirale boluntario –sei gazte larrabetzuar eta bi saharar– ibiliko dira umeekin. Ume sahararrak orain dela 30 urte inguru etorri ziren lehendabiziko aldiz Bizkaira. Hasieran familiek hartzen zituzten, baina azken zazpi urteotan umeak Larrabetzun egingo den udaleku bezalakoetan ibili dira.

Udalekua “Oporrak Bakean” programaren barruan dago. Horren bidez, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren milaka eta milaka haur sahararrek bi hilabeteko oporraldia igarotzen dute Euskal Herrian. Gainera, Euskal Herria eta Sahararen arteko kooperazioa sustatzen da. Programa horrek helburu bikoitza dauka: batetik, Saharako umeek basamortu gordina utzi eta, beste edozein umeren antzera, oporrez gozatzea; eta bestetik, Saharako herriak bizi duen gatazkaren berri ematea.

Saharako haurrek esperientzia erabat ezberdina bizitzeko aukera izango dute Larrabetzuko udalekuan euskal umeekin batera, inolako desberdintasunik gabe. Dieta orekatua eta mediku azterketak eskainiko zaizkie, eta hainbat hezkuntza-jarduera egiteko aukera izango dute. Horien bidez, euskara zein gaztelania ikasiko dute eta gure bizimodua ezagutuko dute. Azkenik, txangoak ere egingo dituzte parke naturaletara, kultur guneetara, udaletxeetara, herrietara, hondartzara, mendira...  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).