Uritarra taldeak futbol txapelketa solidarioa antolatu du astebururako Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 7a, 15:14

Gaur, bihar eta etzi hainbat futbol partida jokatuko dira Errebale zelaian, Larrabetzun. Izan ere, Uritarra herriko taldeak kimu mailako futbol txapelketa antolatu du bederatzigarren aldiz. Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak, Larrabetzuko Udalak eta beste erakunde batzuek babesa eman diote txapelketari. Txapelketak helburu solidarioa du, bertan batzen den dirua ImpulsaT elkarteari eskainiko diote eta. Iaz, 8.500 euro batu ziren.

ImpulsaT elkartea Katalunian sortu zen, merosina-urritasunak eragindako sortzetiko muskulu-distrofiaren kontra borrokatzeko. Gaixotasun hori arraroa da, eta nahiko larria. Distrofia mota hau duten umeek garapen psikologiko arrunta dute, baina fisikoki arazoak dituzte merosina-kopuruaren arabera: muskuluen tonua txikiagoa, kontrakturak, arnasa hartzeko arazoak...

Sarrera doakoa izango da, baina partidetan zozketak egingo dira eta nahi duenak bertan parte hartzeko aukera izango du. Gainera, klubak txosna jarriko du eta zapaturako herri-bazkaria antolatu da. Txartela erosi beharko da, bost euroren truke. Txapelketa zapatuan jokatuko da, baina gaur kadete mailako hiruko txapelketa ere egingo da: 18:00etan, Txorierriko eta Bizkaiko selekzioek elkarren kontra jokatuko dute; 19:00etan, Arabak, Txorierriren kontra; eta 20:00etan, Bizkaiak, Arabaren aurka.

Guztira, 12 taldek hartuko dute parte bihar txapelketan, hiru multzotan bananduta: A multzoan, Uritarra A, Gernika, Mungia eta Allende Salazar; B multzoan, Athletic Club, Elorrieta, Galdakaoko eskola eta Peña Athletic Santurtzi; eta C multzoan, Uritarra B, Retuerto, Arteaga Derio eta Sondika. Partidak 10:00etan hasiko dira eta gazteek eguna emango dute jokatzen. Era berean, egunean zehar aurre-benjamin mailako partidak ere jokatuko dira: Uritarra, Lauro, Bizia eta Gorondagane taldeak arituko dira horietan. Finalerdiak eta finala domekan egingo dira, 10:00etan eta 11:30ean, hurrenez hurren. Txapelketa borobiltzeko, neska beteranoen arteko partida jokatuko dute Athleticek eta Txorierriko selekzioak.

 “Txorierrin Futbola ere euskaraz” ekimenak bat egin du txapelketarekin. Egitasmo horrek euskara, kirola, berdintasuna eta elkartasuna sustatzea du helburu. Horren haritik, zuzeneko emanaldiak eskainiko dira Facebook gizarte sarean eta Koikili Lertxundi Athleticen jokalari ohiak elkarrizketak egingo dizkie txapelketaren protagonistei.