Larrabetzuko udaletxea erabat berritzea izango da legealdiko inbertsio nagusia

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 14a, 12:37

Larrabetzuko Udalak datozen lau urteetako inbertsio-plan estrategikoa aurkeztu du. Orotara 2.085.000 euro inbertituko dituzte herriko hainbat azpiegitura hobetzeko, eta inbertsiorik handiena, 950.000 euro, udaletxea erabat birmoldatzera zuzenduko dute.

Azaldu dutenez, udaletxeak ez ditu oinarrizko irisgarritasun-arauak betetzen, lekua ez dago ondo erabilita eta, gainera, oso egoera txarrean dago. Erabateko berriztatzeari esker bete nahi dituzte helburu bi: alde batetik, herritar guztiak udaletxera erraz sartu ahal izatea eta, bestetik, lekua optimizatzea eta herritarrentzat eta elkarteentzat gune berriak sortzea. Inbertsio hori guztiaren %43 izango da, hala ere, adierazitakoaren arabera, diru publikoa beste azpiegitura estrategiko batzuetara ere bideratuko dute.

Besteak beste, eskolaren isolamendua eta energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egingo dira (200.000 euro), kirol-azpiegiturak ere hobetuko dira (210.000 euro) eta eskolako jolas-gunea estaliko da (125.000 euro). Era berean, errepideak atonduko dira (100.000 euro) eta euri-uren sarea eta saneamendu-sarea bereiziko dira (400.000 euro). Azkenik, jarraipena emango zaio mugikortasun-planari (100.000).

Inbertsio-plana herritarren iradokizunetan eta gobernu-taldearen hauteskunde-programan oinarritzen da eta lau finantziazio-bide izango ditu: 2019ko soberakina (200.000 euro), 2020-2023ko aurrekontuak (1.105.000 euro), mailegu bat (400.000 euro) eta dirulaguntzak (380.000 euro).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).