Aurten 3.300 erromesek baino gehiagok egin dute lo Larrabetzuko aterpean

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 21a, 10:55

Udalak jakinarazi duenez, 2019an 3.320 erromesek erabili dute Larrabetzuko aterpea, iaz baino % 9 gehiagok. Erromesen jatorriari dagokionez, 1.064 Estatukoak izan dira, eta 2.256, beste herrialde batzuetakoak.

Estatuko datuei erreparatuta, erromesak batez ere Kataluniatik (313), Madriletik (183) eta Valentziako erkidegotik (143) ailegatu dira Larrabetzura; eta nazioarteko datuei dagokienez, Alemaniatik (533), Frantziatik (353), Italiatik (211) eta Estatu Batuetatik (133). Besteak beste, Erresuma Batuko, Belgikako, Hego Koreako eta Zeelanda Berriko lagunek ere eman dute gaua herriko aterpean; baita Andaluziatik, Gaztela eta Leonetik, Kanaria uharteetatik eta Melillatik etorritakoek ere. Halaber, 66 euskal herritarrek lo egin dute bertan. Bestalde, 1.546 erromes emakumezkoak izan dira, eta 1.774, gizonezkoak. “Eta ez bakarrik lo: erromesek herria ezagutu dute, herrikoekin esperientziak partekatu dituzte, herriko dendetan eta jatetxeetan kontsumitu dute… Benetan, pozik egoteko!”, adierazi dute.   

Datuak Bizkairako Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkarteak batu ditu. Elkarte horrek ere 3.500 euro eman dizkio udalari, beharrizana duten herriko familien artean banatu ditzaten; udalak adierazi duenez, dirua jadanik eman diete gizarte-zerbitzuen arduradunei. Era berean, elkarteak 500 euro ordaindu ditu aterpearen mantentze-gastuei aurre egiten laguntzeko. Larrabetzuko Udalak oso datu positiboak direla esan du.