Larrabetzuko Udalak plazako aterpea eraikitzeko lanak berriro esleitu beharko ditu

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 5a, 12:46

Urtarrilaren 30ean, udalak herriko plazako aterpea egiteko espediente administratiboari eman zion hasiera. Lanak urrirako bukatu behar ziren, baina Construcciones Aplibur enpresa eraikitzaileak ez du kontratua bete eta udalak beste enpresa bat bilatu beharko du, lanak bukatzeko.  

“Abenduan gaude eta zulo handi bat dago plazan. Enpresak huts egin du eta, ondorioz, kontratua bertan behera uztea erabaki dugu. Gaur egun, obraren % 30 baino ez da egin eta arkitektoa lanak dabil aztertzen. Egindako lana ordainduko diogu enpresari, baina ikusi behar dugu ea kalte-galerarik eskatuko diogun. Bestalde, beste espediente bat ireki beharko dugu lanak bukatzeko: proiektua aurkeztu, esleipena egin… Epeak ez dakizkigu, baina udarako dena bukatzea espero dugu”, esan digu Iñigo Gaztelu alkateak.

Udalak lanen kronologiaren berri eman du ohar batean: otsailean, aurrekontua onartu zen –212.000 euro ingurukoa, BEZA, barne– eta esleipena zabaldu zen; martxoan, aurkeztutako eskaintza bietako merkeena aukeratu zen, Construcciones Aplibur enpresakoa, alegia; apirilean, enpresak eta udalak kontratua sinatu zuten; eta ekainean, lanak hasi ziren. “Udan zehar, ez zen aurrerapenik egon eta epeak beteko ez zirela ikusi genuen. Beraz, hainbat aldiz deitu genien, baina enpresak ez zigun erantzunik eman. Azkenean, atzerapena onartu zuten eta azarorako bukatuko zutela esan zuten. Baina ez dute hitza bete”.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).