Larrabetzuarrak mediku-zerbitzu barik egon dira Gabonetan

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 9a, 11:34

Abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra bitartean ez zen herrian mediku-zerbitzurik eskaini, eta herritarrek Galdakaoko anbulatoriora joan behar izan zuten. Larrabetzuko Udalak azalpenak eskatu dizkie Galdakaoko anbulatorioen arduradunei, eta, halaber,  egoera berriro ez gertatzeko neurriak har ditzatela.  

Larrabetzuko medikuak oporrak hartu zituen abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra bitartean, eta, udalak jakinarazi duenez, denbora-tarte horretan Osakidetzak ez zuen ordezkorik ipini; osasun-zentroan erizaina baino ez zen egon. Hori zela eta, herritarrek Galdakaoko anbulatoriora joan behar izan zuten hango medikuak artatu zitzan; hala ere, askok etxean gelditzea erabaki zuten Galdakaora ez joateagatik.

Oinarrizko mediku-zerbitzurik ez eskaintzeak haserrea sortu du larrabetzuarren artean, eta udalak kexa ofiziala bidali du Galdakaoko anbulatoriora herritarren egonezina adierazteko. Era berean, zergatik ez den ordezkorik egon azaltzeko eskatu die, eta neurriak har ditzatela egoera etorkizunean ez errepikatzeko. Izan ere, azaldutakoaren arabera, joan den urteko Aste Santuan ere ez zen mediku-zerbitzurik egon.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).