Aldundiak ezetz erantzun dio Larrabetzuk tarifak aldatzeko egindako eskaerari

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 23a, 13:53

Larrabetzuko Udalak eskaera bidali dio Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioen Zuzendaritza Nagusiari, tarifak aldatzeko eta udalerria 2. tarifa-gunean sar dadin. Aldundiak ezetz erantzun dio, egin beharreko txostenak eta azterlanak burutu ostean, tarifa-zonifikazioa Garraio Partzuergoko Tarifak Bateratzeko Batzordeak erabaki eta onartu zuela argudiatuta.

Larrabetzun Bizkaibuseko hiru linea daude: Bilbao – Galdakao – Larrabetzu (A3631), Bilbo – Larrabetzu Artxandako tuneletatik (A3223) eta Areeta – Larrabetzu (A2151). Udalak jakinarazi duenez, udalerria 3. tarifa-gunean dago eta horrek dakar tiketa edo creditrans txartela 2. gunekoa baina % 22-26 garestiagoa izatea. Herritarrak askotan kexatu dira egoeraz eta udalak tarifak aldatu eta Larrabetzu 2. tarifa-gunean sartzeko eskatu dio Aldundiari. Horretarako, lau arrazoi argudiatu ditu.

Lehenengo eta behin azaldu du A3223 lineak Txorierri osoa zeharkatzen duela eta Larrabetzu 3. tarifa-gunean dagoen herri bakarra dela. Era berean, adierazi du, Txorierriko beste udalerrietan ez legez, Larrabetzun ez dagoela tren-zerbitzurik, eta, beraz, zerbitzu publiko gutxiago izateaz gainera, daudenak garestiagoak direla. Azkenik, Txorierriko gainerako herriak moduan, Larrabetzu Bilbo Handian dagoela esan du, eta herriko gazteek autobusa hartu behar dutela Derioko institutura joateko: “udalerri hori beste tarifa-eremu batean dago”.

Aldundiko Garraioen Zuzendaritza Nagusiak, bestalde, ezetz erantzun dio eskaerari. Azaldu duenez, Biskaibus zerbitzuan indarrean dagoen tarifa-zonifikazioa “Garraio Partzuergoaren barruan eratutako Tarifak Bateratzeko Batzordeak erabaki eta onartu zuen. Bizkaiko zonen mapa txosten eta azterlanen arabera egin da”. Aldundiaren hitzetan, Tarifak Bateratzeko Batzordearen helburu bakarra da Bizkaiko garraiobide publiko guztiak koordinatzea eta tarifak bateratzea. “Aldundiak lehentasunezkotzat jotzen du helburu hori, gure lurraldeko herritar guztien mugikortasuna hobetuko baitu”.