525 sinatura batu dira Larrabetzun mediku-zerbitzua urte osoan berma dadin

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 27a, 13:38

Larrabetzuko medikuak oporrak hartu zituen abenduaren 30etik urtarrilaren 3ra bitartean, eta egun horietan Osakidetzak ez zuen ordezkorik ipini. Ondorioz, herritarrek Galdakaoko anbulatoriora joan behar izan zuten hango medikuak artatu zitzan. Bi asteetan sinadurak batu dira mediku-zerbitzua urte osoan berma dadin, eta guztira 525 sinadura jaso dira. Larrabetzun 2.064 biztanle daude.

Zenbait komunikabidetara bidalitako gutunean adierazi dutenez, herrian aipatutako egunetan mediku-zerbitzurik ez egoteak egonezina sortu du herritarren artean eta hainbat kaltetu izan dira. “Horrelakorik berriro gerta ez dadin, zera exijitu nahi dugu: bertako medikuak dagozkion arrazoiengatik bere postuan egoterik ez badu, ordezko mediku bat ziurtatzea”.

Bestalde, atzoko udalbatzan gai honi lotutako adierazpen instituzionala onartu zuten aho batez. Adierazpen horretan, herriko osasun-zentroko arduradunei eskatu diete larrabetzuarrek mediku-zerbitzua egunero izateko duten eskubidea bermatzeko eta halako egoerarik berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko. Jakinarazitakoaren arabera, datorren astean Larrabetzuko Udalak sinadurak eta adierazpen instituzionala bidaliko dizkio Osakidetzari.

Erlazionatuak

Jon Guajardori erantzuna. Larrabetzun urte osoan mediku zerbitzua nahi dugu!

Erabiltzailearen aurpegia t: Begoña Etxebarria, Mari Aiartza eta 523 sinadura gehiago 2020 ots 27 Larrabetzu